2020/12/05

III.Amarako Bertso-paper Lehiaketa - Irabazleak

 Hona hemen III. Amarako betso-paper lehiaketako irabazleak:



1. Postua: Iñigo Legorburu

2. postua: Iñaki Goñi


Zorionak eta eskerrik asko guztioi parte-hartzeagatik.



Jarraian bertso sortak:

Iñigo Legorburu:


 ERROMINTZELEZ

Doinua: ETA-ren su etenetik... (X.Silveira)

 
1
Yaiza, ijito kastako
neska ederra zara zu
ta orain zure aurrean
azterketa bat daukazu.
Tentsioa aurpegian
txertaturik daramazu
baina gaindituko duzu;
arren egidazu kasu!
Nire mirespen osoa
lortu duzu, pausuz pausu
ikaslea zaren arren,
ta ni berriz zure maisu
ikasgairik ederrena
zerorrek eman didazu. (BIS)

3
Azaltzen duzun ardura
ta heldutasuna gako
zure sei anai-arrebak
hartzen dituzu aintzako.
Aita ta ama ibiltzen
direnez etxetik kanpo
haur hauek zaintzea zure
lehentasuna delako.
Beraz, heldutasunera
azkar egin duzu salto
urte gutxi izan arren
bizi izan zara asko
nerabe izanagatik,
amatzat zaituztelako. (BIS)

5
Konturatua naiz azken
hilabetetan barrena
ikasgela dela zure
lekurik gustukoena.
Fisika edo frantsesa,
zuretzat ez da problema
ikasgaiak berdin dizu,
izanagatik zailena.
Arriskuaz aspaldian
ohartu zen nire sena
halako bizitza mota
ezin da izan onena
lau hormen artean aske
sentitzen den haurrarena. (BIS)

2
Nire gelan zaudenetik,
orain lau urte inguru
patuak alde berean
temati jarri gaitu gu:
Zenbait guraso ta umek
elkarturik, buruz-buru,
zu klasetik bidaltzea
izan baitute helburu.
Gizarteak bide hutsal
ta gogorrena hartu du
gure umeen jarrera
nola aldatuko dugu?
Helduen umekeriak
guk babesten baditugu... (BIS)

4
Nik bidaltzen dizkizudan
etxeko lanen harira
zuk ez dituzu ekartzen
sekula ere eginda.
Irteerako txirrinak
jotzen duenean di-da!!
orduan zuretzat beste
lanegun bat hasi ohi da.
Otorduek, garbiketek...
izaten dute segida
egin beharreko lanak
luzatzean gauerdira...
“etxeko lanak” zuretzat
neketsuagoak dira!! (BIS)

6
Besteekin alderatuz,
gogoko duzu euskara
ta jada igarri dizut:
zu bertsozalea zara!!
Xalbadorren bertso batzuk
abestu ostean, hara
bertsoek sortzen dizute
flamenkoaren zirrara.
Euskaldun ta ijitoak
hain ezberdinak ez gara
kultur aniztasun hori
ez dadila izan traba:
hizkuntza ezberdinetan
sentimentua bera da!! (BIS)

7
Zure irakasle kuttun
izana naiz orain arte
baina laster ezkonduko
zarela esan didate.
Ditudan aurre-iritzi
denak utzita aparte,
hori erabakitzeko
izan ote zara aske?
Hargatik, ezkon-kanpaiek
erabat tristetu naute,
zure ikasketentzako
bihurtuko dira kalte...
egun batek bizitza bat
baldintza ote dezake? (BIS)


Iñaki Goñi:


MUNDU ZOROA

Doinua: Itsaso hori zatarra dago

                1
Mundu eroa lurra gaixoa
sukarra gora hainbat gradoa
poloetatik izerdi hotza
itsasoa goruntz doa
horren ardura zeroa
edo hutsaren hurrengoa
patrika izanik beroa
lurra usteltzen ari da baina
etekina oparoa
sosak biltzea dute ardura
ez munduaren geroa

               2
Ze arazoa ze potoloa
nahiz ta batzuek ez galdu loa
dirua biltzen dute piloa
hori da beren leloa
saldurik arma mordoa
makina gerra zoroa
odolez bustiz soroa
odolustutzen diren heinean
betez haien tesoroa
Axola al dio hor hiltzen dena
izanik beltza moroa?

              3
Haunditu nahian bai nazioa
zabaldu nahian bere espazioa
ez dute galdu okasioa
dirua beti zioa
handitasun pasioa
lurren okupazioa
ta kolonizazioa
aitzaki zuten zabaldu nahia
kristauen bokazioa
harpilatzea ta bortxa ote
da zibilizazioa?

              4
Ezin somatu ezin susmatu
zetorkiena ezin asmatu
herri osoak elkarbanatu
lurra odolez bainatu
indarrez anexionatu
akordioak sinatu
herrimugak diseinatu
harrokeria ezin irentsiz
horren kontra matxinatu
harpilatzeak bortxakeriak
herriak ditu esnatu

               5
Herrian hazi, herrian hezi
bertan bizi nahi ta ezin bizi
zenbat malezi zenbat pobrezi
eta zenbat hipokresi
Europa aldera ihesi
familiagandik bereizi
herriminaren eresi
lortu nahiean igaro behar
hainbat muga hainbat hesi
duten bakarra da itxaropena
ez ote dute merezi?

                6
Motel dezagun halako martxa
gelditu behar dugu triskantza
mundua gaixo baitago antza
egoera dugu latza
burua dezagun altxa
alda dezagun balantza
ezin galdu esperantza
gure mundua eraldatzea
geure eskuetan datza
hondar ale bat gutxi da baina
makina berriz hondartza





No hay comentarios:

Publicar un comentario