2010/06/30

Manifestua, Jai Herrikoiak BULTZATUZ

Hiria (herria, auzoa) pertsonen arteko solasa da, akzioa, joan-etorria, talka. Etenik gabeko mugimendua.

Herria (auzoa, hiria), indar-eremua da, tentsio-gunea, desioen esparrua, sentimenduen aldea.

Auzoa (hiria, herria), itxura morfologikotik haratago, lurralderik gabeko lurraldea da. Auzotarrok (hiritarrok, herritarrok) gure bultzadekin, gure ufadekin, gure hatsarekin, gure pausoekin eraikitzen dugu atergabe.

Hiria (herria, auzoa) espazio politikoa da.

Espazioan eragiteak bihurtzen gaitu herritar (auzotar, hiritar). Bestela ere bai, gizon-emakumeon eta taldeon akziorik ezean, ez da herririk (auzorik, hiririk).

Plazetan elkartuz, auzolanean sortuz, eztabaidak piztuz, museoak bisitatuz edo, besterik gabe, asfaltoa zapalduz, auzoa (hiria, herria) eraiki.

Jaiak antolatuz eta jaietan parte hartuz.

Herri-jaiak asmatuz. Jai herrikoiak biziz.

Buru-belarri gabiltza jaien eta herri-kulturaren dinamizazioan. Badira urte mordoa. Zeregin honetan han eta hemen aritzen garen gizon-emakumeok zein taldeok, lotura batek hurreratzen gaitu elkarrengana. Denboraren poderioz, kultura-mugimendua sortu da. Amarauna.

Eskolak bezala, sare horrek hamaika izaera elkartzen ditu; hodeien moduan, forma ugari onetsi; eta kameleoien antzo, kolore anitz erakutsi.

Eskultoreak harria zizelkatu nola, hala ekarri du arian-arian mugimenduak jai eredu bat; hala zaindu, mimatu eta aberastu, bere baitan ilusioa, umorea, parte hartzea, adierazpen askatasuna, ironia, elkartasuna, eta abar bilbatuz.

Tokian tokiko hainbat erakunde publiko eta alderdi politiko, baina, sator-lanean dabiltza eredua pitzatu nahian, ahuldu guran. Hala da aspalditik. Azkenaldion, gainera, egoerak okerrera egin du nabarmen. Modu askotan egin ere: antolatzaileei erasoz; protagonistak larrutuz; debekuak ezarriz; ekimenak alboratuz; espazioak murriztuz.

Baita eredua mimetizatuz, asimilatuz eta, azkenean, itxuraldatuz ere, hiritarroi (herritarroi, auzotarroi) kasu askotan McProposamenak helarazten eta, ardiak bagina lez, gure parte hartzea hesitzen. Izan ere, Administrazioak hiritar (herritar, auzotar) bilakatu nahi du!

Oztopoak oztopo eta erasoak eraso, herri-jaien mugimenduak bizirik dirau. Herritarrok (auzotarrok, hiritarrok) festetan modu aktibo batean esku hartzeko premia sumatzen dugu. Baina bizirik ez eze, mugimendua eta eredua arrakastatsuak ere badira. Kultura-eskaintzan arrakastatsu; parte hartzean arrakastatsu; auzoen (hirien, herrien) dinamizazioan arrakastatsu; sormenean arrakastatsu; umorean arrakastatsu.

Bai eta ekonomia-motor gisa ere.

Labur esateko, herri-jaien mugimendua osatzen dugun guztiok, ereduaren izatea eta baliotasuna berresteaz bat, haren kontrako erasoak ere azpimarratu eta salatu nahi ditugu.

Horren aurrean, elkartzeko beharra ikusten dugu. Zertarako?

Hausnarketa egiteko. Esperientziak elkarri kontatzeko. Inoren ekimenen berri izateko. Ideiak plazaratzeko. Berba bitan esanda, jai herrikoien ereduari buruzko ikuspuntuak mahai gainean jartzeko, hura osatuz, aberastuz, definituz, bateratuz.

Aldi berean, mugimendua trinkotzera joko dugu. Asmo horretan, izena emango diogu izanari. Herri-jai mugimendurik gabe, gure ustez, nekez ulertu ahal baitira jaiak. Festara biltzen eta festan batzen gaituen esparru komunetik lan egingo dugu.

Hausnarketa publiko eta partehartzailea dugu helburu, jaiak defendatzeko eta hobetzeko xedez.

Gure arteko pentsaera eta ikuspuntu diferenteetatik abiatuta, beharrean hasi gara. Eta indartsu egiten gaituena aniztasuna dela jakitun, gogoeta-prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu kultura-eragile oro. Hiritar (herritar, auzotar) oro.

informazio gehiagorako: http://www.jaiakbultzatuz.org



No hay comentarios:

Publicar un comentario